Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
7.3. Menpekotasunaren eta autonomia pertsonalaren araudiaren ezarpena EAEn
AMAL indarrean sartu zenetik, udalen gizarte-zerbitzuek herritarrei zuzendutako informazio- eta orientazio-lana gauzatu dute, eta, foru-erakundeekin batera lan egin dute txosten sozialak jaulkitzen eta katalogoan aurreikusten diren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak eskuratzeko espedienteak kudeatzen. Kasu batzuetan, legearen aplikazioaren ondorioz lan-bolumena asko handitu denez, zerbitzuak kolapsatu egin dira. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak azpimarratzen du hori guztia, halere, ez dela legokiokeen zuzkidura ekonomikoarekin batera etorri.
EAEko hiru foru aldundiek AMALen garapena beren gain hartu dute, eta, bakoitzak bere lurralde-esparruan, menpekotasunaren balorazioa egiteko beharrezkoak diren zerbitzuak eta baliabideak kudeatu ditu, baita legean jasotzen diren prestazio ekonomikoak eta autonomia pertsonala eta menpekotasunaren arreta sustatzeko zerbitzuak ere.
Onartu beharra dago hiru foru aldundiek lan bikaina egin dutela, sistema ezartzeaz kezkatu direla eta giza baliabideak nahiz baliabide materialak hornitzeko ahalegin handia egin dutela. Hala eta guztiz ere, gure ustez, lurraldeen artean dauden desorekak gainditzea ahalbidetzeko nahiz garapen-araudia azkarrago onesteko hobe izango zatekeen modu koordinatuan lan egiteko borondate handiagoa lortu izan balitz (Bizkaiko Foru Aldundia, adibidez, zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoa ez zuen arautu 2010eko ekainera arte).
Eusko Jaurlaritzak AMALen aplikazio-esparruan egin duen lana ondorengo zeregin hauetan kontzentratu da:
– Osasun-sistema sozialak menpekotasuna baloratzeko eta baliabide egokiak esleitzeko prozesuak kudeatzeko emandako informazioa.
– Estatuko Administrazio Orokorrari kupoaren bidezko finantzaketarako irizpideak aplikatzeko beharrezkoa den informazioa ematea.
– AMALen Informazio Sistemara informazio estatistiko zehatza helaraztea eta informazio hori aldez aurretik biltzea aldundietan.
Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak argi jokatzea lider gisa sistemaren ezarpenean. Gainera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen garapenaren atzerapena ez da mesedegarria izan lurraldeen artean dauden desberdintasunak gainditzeko, ezta prestazioen eta zerbitzuen zorroarekin lotutako alderdi batzuk gainditzeko ere.
Gure ustez, AMAL indarrean sartu izana ez da mesedegarria izan gure administrazioek azken urteotan gizarte-zerbitzuen arloan egin duten apustu sendorako. Estatuko Administrazio Orokorrak markatutako gutxieneko intentsitateak −oro har, lehendik EAEn aplikatzen zirenak baino txikiagoak− nahiz administrazio horrek, krisi-egoera dela eta, prestazioak eskuratzeko eskubidearen eraginkortasunari buruz onartutako irizpideak, batzuetan, oztopo bihurtu dira arreta areagotuz eta etengabe hobetuz joateko bidean.
Gizarte-esparruarekin lotutako administrazioen erakunde-arteko koordinazio egokian eta osasun-sistemaren arlo horietan sakontzea beharrezkoa dela egiaztatu dugu; koordinazio sozio-sanitarioa lehentasunezko lan-arlo bat da.